XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

39. TRIBUTU ZORRA

Tributuaren osagai kuantitatiboei begira, aztertu behar dugun azken kontzeptua tributu zorrarena da.

Tributu zorraren barne, hurrengo kontzeptuok sartzen dira: tributu kuota, zatikako edo konturako ordainketak, atxikipenak edo atxiki beharko liratekeenak, eta konturako sarrerak (TLOren 58. art.).

Osagai horiek sarrerak egiteko betebehar edo eginbehar desberdinei dagozkie.

Horietan garrantzitsuena kuota da, beti egon behar delako halakoa.

Oinarrizko osagai horiez gain, tributu zorrak baditu aldian aldiko osagaiak ere: oinarri zein kuoten gainean lege bidez ezarri diren errekarguak; TLOren 61.3. artikuluko errekarguak (berandu ordaintzeagatik); berandutza korritua, Aurrekontu Legeak urtero zehazten duena (legeak ezer zehazten ez badu, lege korritua gehi %25 izaten da berandutza korritua); premiamendu errekargua; eta tributu zehapenak.

Osagai horiek oso heterogeneoak dira.

Lehenengoa bazter utzita, gainerakoek zerikusia dute tributu betebeharren betepen akastunarekin; hala ere, euren eraentza ezberdina da eta ezin ditugu multzo berean jorratu.

Guztiek duten ezaugarri erkide bakarra hauxe da: tributu zorraren osagai izan daitezke; hori dela bide, legeak zerga-bilketaren ikuspuntutik sistematizatu eta 58. artikuluan batera arautu ditu.

Oinarri zein kuoten gaineko errekarguei dagokienez, tributuak sortzeko teknika baten ondorio dira horiek. Horrenbestez, zerga bat hartzen da oinarri gisa eta, kudeaketa dela bide, zerga horri errekargu bat gehitzen zaio. Toki korporazioek biltzen dituzten zenbait zergatan arautzen da hori. Gisa bertsuan, Konstituzioan ere agertzen da, autonomia erkidegoak finantzatzeko tresna gisa.

TLOren 61.3. artikuluko errekarguei dagokienez, tributu zorra berandu ordaintzeagatik sortzen dira horiek, nahiz eta jakinarazpenik jaso gabe ordaindu.

Berandutza korritua, ordea, erregela orokorrari segiz, zerga ordaintzeko borondatezko epea baino beranduago ordaintzen denean sortzen da. Alabaina, zenbait kasutan (berandu ordaintzen denean, baina hala nahita) ez da berandutza korriturik aplikatu behar, ezpada lehen ikusi dugun errekargua.

Premiamendu errekargua aplikatzen da zorra exekuzio prozeduran eskatzen denean, borondatezko epean ordaindu ez delako.

Amaitzeko, tributu zehapenak ezar daitezke tributu arau-hausteak burutzen direnean, hau da, ez-betetzea arau-hauste gisa tipifikatu denetan.